XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TAHA HUSAYN-EN PARISKO EGUNAK CHARBEL DAGHER.

BEAUVOIR hotela han dago oraindik ere, Closerie des Lilas-en parean.

Atariaren alde banatan leiho bi, distantzia berera.

Eskubiko leihoaren aurrean jartzeko eskatzen diot Mu`nes-i, gero bestearen aurrean jartzeko.

Baina nola egin argazkia ez dagoenari?.

Nolako sorpresa ordea nirea, diapositiba bat errebelatzean, hoteleko horman hiru hizki ikusi nituenean: TAH, falta zenaren, Mu`nes-en aitaren izenaren lehen hiru hizkiak hain zuzen.

Eta harago, itzal bat, aurpegi betaurrekodun baten itzal luzaka, beste guztien artean aise antzemangarria.

Falta denaren oroimena beti dago gurekin.

Mu`nes-ekin batera, bere aitaren pausoen atzetik nabil Parisen.

Taha Husayn, egungo arabiar literaturaren aitzindariaren jaiotzaren mendeurrena da (1889 - 1973).

Paris ez da aldatzen.

Husaynen garaien aztarnak Parisen bilatzea paseo bat ematea da.

Baina lehenik Montpellier-en geratzen gara, han hasi bait zen dena.

Taha Husayn, Egyptoko gobernu bekadun, Lehen Mundu Gerratea hasi baino lehentxeago iritsi zen hona.

Zergatik Montpellier? Mu`nes-ek dio: - Probintzia bat zelako agian, han ikasleek Parisen baino tentazio gutxiago izango zutelako.

Hiri hori Mediterraneotik gertuago zegoelako agian, Egyptoko ikasleak han atsegin gehiago izango zutela uste zelako beharbada.

Baina sekula ez nion horren arrazoirik galdetu.

Frantsesa ikasten, hobetzen hasi zen.

Frantsesaren oinarrizko ezagutza Kairoko Unibertsitatean ikasi zuen, han hizkuntza honen ikastaro orokor bat ematen bait zen.

TOPAKETA Gerra hasten da.

Parisek alemaniarren bonbardaketak pairatzen ditu.

Frantses familia askok bezala, Brisseautarrek ere probintzian babesa bilatzea erabakitzen dute eta lagun baten etxean jartzen dira bizitzen Mointpellierren.

Suzanne Brisseau, Sevresko Eskola Normal Gorenean sartzeko ikasketak prestatzen ari dena, ikasketa horiek eten beharrean aurkitzen da.

Mu`nes-ek jarraitzen du: - Nire aitak, itsua eta frantsesa ikasten hasi berria bait zen, lagunduko eta irakurriko zion norbait behar zuen.

Hiriko egunkari batean anuntzioa jarri zuen; Suzannek erantzun zion eskariari.

Hura irakurlea baino gehiago izan zen; Letretako Fakultateko ikasketetara lagundu zion lehenik, eta gero, Sorbonakoetara.

Eskutik hartuta, oinez joaten ziren apartamendutik Sorbonako enparantzaraino.

Gaur, Mu`nes-ek eta biok bide hura bera egin dugu.

Oinez, haiek bezala.

Saint Michel boulevarra metro gutxitara dago.

Bikote gaztea sarritan geratzen zen gaisotasun tropikalen kontrako burrukaren aitzindari izan ziren Pelletier eta Caventou kimikoen oroimenez jarritako estatuaren aurrean.

Estatua desagertu egin da baina monumentua han dago oraindik.

Orain ez da brontzezkoa, harrizkoa baizik, eta bi jakintsuen estatuaren ordez haien medailoiak daude.

Bikote gazte hark gaur egun bide hura bera egitera, Egyptoren Kultur Zentruarekin egingo luke topo.

Gerra amaituta, Brisseau familia Parisen zuen apartamentura itzuli zen eta Taha Husayn gaztea Parisera joan zen ikasketak Sorbonan jarraitzera.

Alabaina, hark guztiak izan behar zuen amaiera zorionezkoa ezerk ez zuen iragartzen.

- Nire amaren familia, dio Munes-ek, ikaratuta zegoen beren alaba Egyptoko ikasle pobre, musulman eta gainera itsu batekin; ezkon zitekeela pentsatzearekin.

Nire amak ez zuen etsi.

Bere osabetako bat izan zen, abade oso bizkor eta jakintsua, arazoa konpondu ziena.

Nire amonaren eskariz, nire aitarekin bakarka ordu betez hitzegiteko baimena eskatu zuen.

Biak paseatzera atera ziren, nire aitona-osabaren hori nire aitarekin besotik helduta eta gai askori buruz hitzegin zuten.

Itzultzean abateak esan zion bere arrebari: Lasai egon zaitez!.

Ezkontzaren aurka egon ordez, pozik egon beharko zenuke, mutil gazte hori aparteko mutila da eta.

Suzanne jabetuta zegoen ordurako horrez.

1917ko abuztuaren 2an ezkondu ziren.

ELKARRIZKETAK Betaurreko beltzeko ikasle hark, bost urtetan, lizentziatura bat, goi mailako ikasketen diploma bat (Tazitori buruz) eta Frantziako lehiaketa ospetsuenetako bat eta doktoradutza (Ibn Khaldun-i buruzkoak) eskuratu zituen.

Grekera eta latina ederki ikasi zituen.

Taha Husaynek bere bi maisuak, Bloch, helenista ospetsua eta Seignobos, latina eta erromatar historia irakatsi zizkiotenak mugarik gabe mirestuko ditu.

Bergson-en ikaslea ere izan zen College de Francen, Lévy-Bruhl soziologoarena eta Massignon orientalistarena; azken hau hala ere asko miresten zuelarik.

Frantziako idazleen artean, Aragon, Jules Romains eta batez ere André Giderekin izan zituen harremanak.

Azkeneko hau Kairon topatu zuen lehenengo aldiz gerra bukatu eta berehala.

Bien arteko harremanak gutun bidez jarraitu zituzten.

Miresmena elkarrekikoa zen.

Husaynek (1899) eta (1946) itzuli zituen arabierara.

Gidek, bestalde, Taha Husaynen (Egunen liburua, 1929) nobela autobiografiko ospetsuaren frantseseko itzulpenaren hitzaurrea idatzi zuen.

Baina denetan Etiemblerekin izan zuen harremanik iraunkor eta sakonena.

40ko hamarkadaren hasieran, Taha Husayn Alejandriako Unibertsitateko errektore zela, Etiemblerengana jotzen du, hau orduan Estatu Batuetan zegoela, frantses zibilizazioaren departamendua zuzendu zezan.